Elikaenea Bergarako Oxirondo azoka gaurkotzeko egitasmoa da. Bertako eta kalitatezko produktua erdigunean, oinarria du kontsumitzaile eta ekoizleen artean zubiak eraikitzea. Elikaenea, finean, bergararrok elkartzeko gunea da: lankidetza espazio bat bertako ekoizle, merkatari, udal, eragile eta herritarrekin batera.
Gainbeheran zetorren azoka biziberritzeko hainbat diagnostiko, saiakera eta ekimen egin dira Bergaran azken hamarkadan. Zentzu horretan, Udalak bat egin zuen Gipuzkoa mailan 2021ean azoken inguruko hausnarketa-prozesuarekin. Oxirondo azokaren inguruan jasotako ondorioei erreparatuz, 2021etik 2024ra bitartean Bergarako Elikadura Mahaiak beharrezko lanketak egin ditu Oxirondo azoka bertako produktuak eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko dituen topagunea izan dadin.