​Elikaenea Bergarako Elikadura Mahaiak sortutako proiektua da, hain zuzen ere, aurrez aipatutako helburu guztiak betetzeko. Egitasmoaren gidaritza, aldiz, Ereindajan Bergara Kooperatibak  gauzatzen du, Bergarako Udalarekin sinatutako hitzarmena medio. Hortaz, Ereindajan da Elikaeneako denda, sukalde, bestelako zerbitzu eta Oxirondo azokako dinamizazio-lanez arduratzen dena.

​Elikadura Mahaiko kide den Bergarako Ereindajan Bergara Koop. Elk. Txikia irabazi asmorik gabeko kooperatiba integral eta herritarra da. Ekoizpen- eta kontsumo-ereduak kezkatuta, 2012an irabazi asmorik gabeko Ereindajan elkartea sortu zuten hainbat norbanakok Debagoieneko Leintz Bailaran. Inguruko baserritar eta kontsumitzaileen ekimena izan zen, kezka partekatuari aterabide bat emateko asmoz. Elkarteak eragin-eremua Debagoiena eskualde osoan kokatu zuen, eta 2015ean denda-topagune bat ireki zuen Arrasaten –gaur egun herritarren eskura dagoena–. Proiektua indartu eta elikadura-burujabetzaren aldeko estrategia Bergarara ekartzeko asmoz, 2017an irabazi asmorik gabeko Ereindajan Bergara Kooperatiba sortu zuten hainbat herritarrek. Hala, 2018an ireki zituen ateak 2024ko udara arte Bergara erdialdean kokatuta egon den denda-topaguneak. Gaur egun, Ereindajan Bergara Kooperatibak 330 bazkide-kontsumitzaile inguru ditu, 6 langile eta  Debagoieneko 30 ekoizle inguru ere egitasmoaren parte dira.Elikaenea egitasmoaren dinamizazioaz gain, kooperatibak eskualdeko lehen sektorea biziberritzeko bestelako egitasmo eta markoen koordinazioan dihardu. Besteak beste, eskolekin elikadura proiektuak garatzen, ekoizpena duindu eta lanpostuak sortzeko proiektuen sorkuntzan, jantokien eraldaketarako sistema garatzen...Ekimen hauek herri zein eskualdeko eragile ezberdinekin elkarlanean gauzatzen ditugu. Baita Euskal Herrian elikadura burujabetza ardatz duten beste hainbat proiekturekin ere (Errigora, GurePlateraGureAukera, Olatukoop, Biolur...).